605 m-ra dago kokatuta, Aratz, Albeiz, Egilar haitzen eta Altzaniako mendien pean, Arabako Lautadaren ertzean. Iparraldean, Aratz mendia du mugakide; hegoaldean, Albeiz; ekialdean, Albeiz mendia (1.011 m); eta mendebaldean, Galarreta eta Zalduondo.
Asparrengo hiriburua, 1.255 biztanle ditu (2014an), eta 604 metroko garaiera.
Abiapuntua da Altzaniako gertuko mendietara eta Entzia mendizerrara igotzen diren mendizaleentzat.
Araiatik San Adriango mendi-bidetik jaitsi eta Arabako Lautadara iristen zen Erdi Aroko bideetako bat. Erromesbide eta merkataritza-ibilbide garrantzitsua zen.
Monumentuak eta arkitektura
• Done Petri eliza
Tenpluaren alderdirik nagusiena XV. mendearen amaieran edo XVII. mendearen hasieran eraiki zen. Oinplano angeluzuzena du eta goiburu poligonala, egun, erretaula nagusiaren nahiz akabera gisa duen kuskutzarraren azpian gordeta dagoena. Bere habearte bakarrak hiru tarte ditu, haien arteko bi ganga nerbiodunez estalita eta bestea terceletes deritzon gangaz. Eraikuntza ondoan 1740an Miguel Salezanen trazaren arabera eraikitako dorrea aurki dezakegu.
Erretaula nagusia Gregorio de Dombrasasek egin zuen 1790ean. Bankuak, gorputzak eta akaberak osatzen duten multzo neoklasiko dotore hau margo eta eskultura ugariz dago hornituta, haien artean nabarmenena Done Petriren irudia, parrokiaren titularrarena, Ama Birjinaren nahiz San Josefen irudien antzera, Mauricio de Valdivielsoren tailerrean ekoiztutako lana dena. Aldarealdearen alboetako hormetan, halaber, Done Petriren bizitzako pasarteak gordetzen dituzten margo ugari daude, Jose de Torre Gasteiztarrarenak omen direnak.
Gangaren lehen zatian alboko bi kapera daude. Ezkerraldeko kapera nabarmendu beharko genuke, Lezea familiak eraiki baitzuen XVI. mende bukaeran. Kaperako frontoiaren alde banatan aipatu familiaren armarria dago, argi eta garbi, garaiko eragin erromanistarekin bat egiten duena. Karmengo Ama birjinaren erretaula interesgarria da oso: López de Larrearena dela esan ohi da; bankua nahiz hiru kalez eta atiko batez osatutako gorputza du; eta bere irudiak Arabako eskultura erromanistaren adierazle argiak dira. Azken hauen artean nabarmenena Ama Birjinak San Simoni eskapularioa ematen zion unea jasotzen duen kale nagusiko erliebea da.
Korua oso bitxia da, solairu bikoitz arkitrabatua duelako. Antzina hirugarren solairu bat ere bazen, zoruaren eta lehen koruaren artean eta lehen koru hori “aiton-amonen koru” gisa ezaguna zen.
Kanpoaldean, berriz, XV. mende bukaerako edo XVI. mende hasierako gainaldea dugu, molduratutako arku konopial batez osatuta dagoena. Modu bertsuan, atezangoak bi erlaitzen gainean eusten den alfiz batek taxutzen ditu. Bestalde, absideko horman, hain zuzen ere, harlanduen artean, idazkunak nahiz bestelako hornidurak dituzten erromatarren garaiko lau hilarriren hondarrak ikus ditzakegu.
• Andra Mari Baseliza
Antzina Jasokunde Baseliza izenez ere ezagutzen zen eta egun aurkitzen dugun eraikuntza XVIII. mendekoa da. Oinplano angeluzuzena eta goiburu zuzena duen eraikina da. Luneta-gangak estaltzen duen hiru tarteko habearte bakarra du.
Erretaula nagusia Barroko moldekoa da, XVIII. mendekoa, eta berton Jasokundearen Ama Birjinaren irudi bat da nagusi, berau ere barrokoa. Halaber, alboko erretaula nabarmendu behar da. Antza denez, XVII. mendean eginda dago Done Mikelen ohorez eta barrokismo indartsuaren adierazle den goiaingeruaren irudi bat du; horrekin batera alboko aldareak apaintzen dituzten XVII. mendeko jaierazko margoak ere baditu.
Baselizaren ekialdeko horman nahiz aurrealde nagusian zizelkatutako Done Jakueren gurutzeak San Adriango tunela zeharkatuz Arabako bidea hartzen duen erromes-ibilbidean pasabide bat izango zela gogorarazten digu.
Bestalde, Araiako antzinako eliza Asparrengo Anaiartea biltzeko tokia ere izan omen zen, harik eta Anaiarte Zaharraren Etxea (egungo hiltegia) nahiz Udaletxea, 1771. urtean, eraiki ziren arte.
• Amamioko Done Joanes
Egun desagertuta dagoen Amamio herriko parrokia zena, dudarik gabe, XII. mendeko Arabako herrixketako parrokiarik gehientsuenen adierazle garbia da. Neurri txikikoa den eta oinplano angeluzuzena duen XII. mendean eraikitako tenplu erromanikoa da. Duen habearte bakarra, kanoi-gangaz estalita dagoena, goiburu zuzen batean bukatzen da, non turuta antzeko baoa irekitzen den.
Nahiz eta aldarealdeko narriadura handia izan eta berton zaharberritze lanak burutu diren, barnean garaipen-arku zaharraren hondarrak ikus ditzakegu. Habeartearen ezkerraldean bi zutabe atxikitzen zaizkion harroin eta fuste apain gabeko eta kapitel apainduko zutoin sendoa aurki dezakegu. Haietako batek akanto-hosto estilizatuak ditu eta besteak historia zantzuak eta gorde diren abio-hondarrak aztertuz gero, tolestutako garaipen arku baten euskarri zirela esan genezake.
Eraikinaren kanpoaldean xake itxurako arkugainera duen eta fuste apain gabeko eta kapitel apainduko, arrano baten irudiaz eta gorputz bikoitzeko lehoiaz hurrenez-hurren bi zutabe gainean eusten den puntu erdiko arku molduratu batek sortarazitako goiburuko baoa nabarmendu beharko genuke. Bestalde, tenpluaren iparraldeko eta hegoaldeko fatxadek txakur multzo aparta agertzen dute, beren hornidura anitza dela eta, xake itxurako herlaitz baten bizigarri bihurtzen direnak.
Ekainaren 24ero, hain zuzen ere, Done Joanes eguna heltzearekin batera, Albeiz eta Araiako bizilagunak baselizan bildu eta meza antolatu ohi dute. Elezaharrak dioen moduan, ohitura hau Amamio herria desagertu zenetik dator. Bertoko azken herritarrak, hots, emakume alargun batek lur eremu hau laga egin zien Albeiz eta Araiako herriei, betiere, herri biok urtero Done Joanes bezperako egunsentian baselizara joan eta izurritean hil ziren Amamioko herritar guztien omenez meza bat ospatzeko baldintza pean. Antza denez, antzina meza hori batera ospatu beharrean bakoitzak bere aldetik antolatzen zuen, lehenengo Araiarrek eta ondoren Albeiztarrek, eta herrietako batek hitzordura huts eginez gero, lur eremuaren gaineko eskubide guztiak galduko lituzke automatikoki.
• Udaletxea
1771. urtean eraiki zen eta Barroko moldeko eraikuntza zibilen adibibe ezin hobea da.
Aurrealde nagusian, etxe-aurrearen erdigunean eta egurrezko hegal artistiko baten pean Asparrengo Anaiartearen armarria du landuta, eraikuntza Casa de los Caballeros Hijosdalgos de la Noble(s) Hermandaz de Aspárrena dela azaltzen duen idazkunarekin batera. Armarria, neurri handikoa eta Rococoaren oparotasunaz dotoretuta, Errege Katolikoenarekin bat dator, Anaiarteak bere egin baitzuen Oñatiko Kondeak bere jaurgoa Anaiarteari ezarrarazteko asmoaren kontrako auzian errege-erreginak Asparrenaren alde aldarrikatu zuten epaia eskertzeko xedeaz.
Eraikuntzak barnean “kutxa beltza” izenez ezagutzen dena gordetzen du, burdina landuaz egina eta burdinazko petatxu handiez nahiz gerta zitezkeen lapurretak saihesteko sarraila-sistema konplexuaz hornituta dagoena. Osotasunean sendotasun itzela agertzen du baina kanpoko itxura sendo horren aurka, bere barrena bi zisne eder irudikatzen dituen esmalte batez apainduta dago.
“Kutxa beltza” Anaiartearen agiri garrantzitsuenak artxibatzeko baliatu ohi zen, hala-nola, “Carta Executoria” deritzona, Oñatiko Konte Iñigo de Guevara Jaunaren kontrako auzian Barrundia, Ganboa eta Egilazko Anaiarteen eta Araiako Batzordearen alde Errege Katolikoek Granadako Campamento de la Vegan emana eta ondoren, 1506an Felipe I Ederrak Valladolideko Gortean berretsi, izenpetu eta zigilatua. Ahuntz larruzko 30 pergamino-orrik osatzen duten eta gaur egun Asparrengo Udaleko Udal-agiritegian gordetzen den eskuizkribu historiko baliotsu honek bere lehenengo orrian polikromia interesgarria agertzen du eta jatorrizko beruneztatzea ere egoera onean gorde du.
• Kioskoa
1918an eraiki zuten herritarrek, nagusiki herriko udal bandak eskaintzen zituen kontzertuak bertan egiteko. Udaletxe parean dago, herriko plaza nagusian.
Construido en 1918 por los vecinos del pueblo para dar cabida, principalmente, a los conciertos que ofrecía la banda municipal del pueblo. Está situado enfrente del Ayuntamiento, en la plaza principal del pueblo.
• Ajuria familiaren jauregia
Ajuria familiaren bizitoki izandako eraikina. Familia horrek biztanleengan izandako eragina oso garrantzitsua izan zen Araia herrian, luzaroan lana eman baitzien herriko bizilagun guztiei. Gizonek familia horren enpresan -familiaren abizena daraman galdaketa industrian- egiten zuten behar, eta emakumeak, berriz, neskame ibiltzen ziren familiaren etxe dotoreetan.
• Guruztokia
Jakina denez, herri batean sartu aurretik, ibiltariek erritu bat egiten zuten guruztokietan, Gurutzearen aurrean, erredentziozko kristauak zirela eta jarrera baketsua zutela erakusteko. Araiak 4 gurutze ditu bere ingurunean, lau puntu kardinaletan kokatuak. Ikusgarriena guruztokian badago ere, ez dugu Milanoko Gurutzea ahaztu behar: antzinako enborki jurisdikzionala edo pikota.
Pertsonai ospetsuak
Félix Alkorta Arana (1877-1962). Industria-gizona. 1915ean, Araiako Danborrada abiarazi zuen San Pedro jaiak alaitzeko. 1930era arte izan zen haren zuzendaria.
Germán María Landazabal y Galarza (1884-1952). Musikaria. Argentinara emigratu eta 30 urte eman zituen musika irakasten eta konposatzen.
Andoni Urrestarazu "Umandi" (1902-1993). Euskararen defendatzaile nekaezina. Erregimen frankistak jazarria, Frantzian erbesteratu zen. “Euskal Gramatika: Euskara ikasteko eta irakasteko metodoa” idatzi zuen.
Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.