Asparrena
Asparrena www.asparrena.eus

IBARGUREN

Atauko haitzaren behealdean dago (1.103 m, Entzia mendizerra), 617 metrora. Biztanle kopurua: 10 (2014an).

Historia

Herri hau aspalditik dago dokumentatuta: 1025ean Ibarguren herria aipatua da “La Reja de San Millán” izenarekin ezagutzen den Donemiliako Kodizean: “Septem Alfozes: Heguiraz et Sancti Romani et Hurabagin et Albiniz et Hamaezaha, uno andosco. Hillardui et Arzanhegi et ibarguren et Anduiahin, Heinhu, uno andosco...” Bestalde, Ibargueren bezala agertzen da 1257. urteko beste dokumentu batean. Bere antzinatasuna, beraz, dudaz kanpo dago.

Antzinatasun are handiagoaren lekuko izan liteke elizako atarian aurkitutako erromatar garaiko harria (0,86 x 0,35 metrokoa), gaur egun Gasteizko Museo Arkeologikoan ikusgai dagoena. Auñamendi Eusko Entziklopediak dioskunez, harri horrek geometria- eta landare-motiboak ditu apaingarri gisa, eta gainera zera irakur daiteke: ANNICIVS BVRRVS VRRINI AN LXXV S E. Herrikoa bertakoa balitz, harri horrek erromatarrak herrixka horretan ibiliak izatearen testigantza emango luke, baina baliteke beste nonbaitetik eramanda izatea. Auskalo!

Arkitektura eta monumentuak

San Martin eliza

Aurretik aipatu da garai erromatarrean elizako atarian topaturiko harri grabatua. Eliza, beste herri batzuetan bezala, ondare artistikoa biltzen duen tokia da; hau da, San Martini eskainitako XV-XVI. mendeetako elizan.
Erretaula nagusi barrokoa, rokoko erakoa, XVIII. mende bukaerakoa, Joaquín de Berasateguiren lana da. San Martinen irudia dauka, barrokotik neoklasizismorako trantsiziokoa.
Alboko erretaula Errosarioaren Ama Birjinarena da, neoklasikoa, XVIII. mende bukaerakoa.
San Joseren alboko erretaula, barroko-rokokoa, XVIII. mende bukaerakoa da, eta erretaula nagusiaren egile berarena.
XVIII. mendearen lehen erdiko bataiarria.
Koruak irudi herrikoiez apainduriko zurezko karel interesgarria dauka.
 

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

Copyright © 2013 Asparrena. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz