Asparrena
Asparrena www.asparrena.eus

ILARDUIA

Albeiz mendiaren (1.011 m.) eta Urbasa Mendizerraren artean dago kokatua, Zirauntza ibaiaren ezkerraldean. Biztanle kopurua: 66 (2014an).

Ohar historikoak

Leku honen aurrekari historikoak historiaurrera eraman beharko lirateke. Lehen biztanleriaren arrastoak aztarnategi arkeologikoen sare batean agertzen dira, Neolitikotik (Ameztutxo) Brontzezko Arora (Jentilen Koba) edo Burdinazko Arora (Aliaran). Erromanizazioa ere agertzen da Artzanegiko baselizan dauden zenbait hilarritan. Historia idatziaren barruan giza presentzia hori, eta ondorengoa, Burundako Igarobidea den korridore naturalean kokatuta egoteak azaltzen du, Igarobide horrek ekialde-mendebalde norabideko komunikazioa errazten baitu. Hain zuzen, hortik igarotzen zen Astorga eta Burgos lotzen zituen galtzada erromatarra.

Gertuko beste bi herrixka egon ziren, XV. mendean jada desagertuak -Lezea eta Artzanegi-, monasterioari dagokionez San Millango Botoaren ordaintzaile gisa agertzen zirenak. Herrixka horietan, Lezeako San Pedro eta Artzanegiko Santa Maria baselizak zeuden, hurrenez hurren. Lehenengoan izan zuen jatorria “Lezea” abizen toponimoak, Mendebaldeko Lautadako leinu nobleetan errotua. Lezeako San Pedro baselizak “Inguruneko aitoren seme nobleen kofradia” biltzen zuen.

Ibilbidea hirigunean zehar

Ez du hiri-antolamendu zehatzik, nahiz eta norabide linealeko nolabaiteko trazadura antzeman daitekeen. Hiri-multzoan, bi etxe nabarmentzen dira. Haietariko bat kapare-etxe bat da, inoiz landu ez zen armarria jartzeko harria daukana sarrera gainean. Fatxada nagusia harlanduzkoa da, eta oinplano angeluzuzena eta hiru isuriko teilatua ditu. XVII. mendean izan lezake jatorria. Besteak, herrikoia, angeluzuzena baita, harlanduzkoa dauka behe-solairua, eta jasotzeko manposteriaz lehenengoa, gorputz egitura irtenarekin eta adreiluzko itxiturarekin. Hirigunetik, aziendaren transhumantzia-bideak igarotzen dira, hura herrietatik mendira eramateko.

Elizak, San Migeli eskainita dagoenak, oinplano angeluzuzena du, eta hiru tartekoa da, beste hainbeste estalki-itxiturari dagozkienak: nerbioak profil laukoak, lunerokoak eta kanoikoak dira. Egungo eliza XVIII. mendean berreraiki zen, aurrekoaren narriaduraren ondorioz, zenbait hondarrek adierazten dutenaren arabera -zirkulu-jokoak dituen trazeriako argizuloa-, ziurrenik XVI. mendearen hasieran eraiki zena. Portada barrokoa da, 1750ean eraikia. Ezkerraldean, Ilarduiarren kapera irekitzen da, XVI-XVII. mendeen artean koka daitekeena eta Lezea-Ilarduiarren etxeko armak eta Okarizenak bat eginda agertzen dituen armarri obalatua daukana. Kapera hau altxatu aurretik, Lezeatarren ehorzketak aurreneko ilaran egiten ziren, ebanjelioaren zoru aliatuan; hiru hilobi kontserbatzen dira, XV-XVI. mendeetakoak, familiaren armak agertzen dituztenak. Koruak izaera herrikoia duen zurezko egitura interesgarria dauka. Bataiarria obra gotiko ederra da. Erretaula nagusia XVII. mendekoa da eta bankua, bi gorputz eta errematea ditu.

Sagrarioa XVI. mendeko osagaiez berreratu zen, atea Kristo Berpiztuaren erliebeaz eta alde bietan Santiagoren eta beste apostolu baten irudiez. Lehen gorputzean, irudiek San Pedro eta San Pablo agertzen dituzte. Bigarrenean, nitxoek San Joan bataiatzailearen eta San Andresen tailuak dituzte, eta, erdian, San Migelena dago. Atikoan, Kalbarioko talde bat ageri da. Ondokoei eskainitako alboetako erretaulak ditu: Ama Birjina, XVI. mendeko tailu eder batean; Sortzez Garbia, rokoko estilokoa; Arimak. Sakristiak jatorrizko ganga nerbioduna dauka, apaindura ugarirekin eta oso ederra.
 

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

Copyright © 2013 Asparrena. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz